Arkitekturako eta diseinuko harribitxiak: Donostiako eraikinik ikonikoenak

Donostia begiekin ere gozatzen den hiri bat da. Kaleetan barrena paseatzean, ia nahi gabe topatzen dituzu xarmaz betetako eraikin historiko dotoreak.
Asko Belle Époque garaian eraiki zituzten, hiriaren unerik bikainenetako batean. Gaur egun, oraindik ere, hiriaren nortasunaren parte dira. Hona hemen harribitxi horietako batzuk, horien historia eta bitxikeriaren bat.
María Cristina Hotela
Hotela 1912an eraiki zuten, Belle Époque garai betean, Donostia elitearen helmuga bihurtzeko planaren esparruan. Hotela zabaltzeak hiriaren aldi kultural eta sozial gorenaren hasiera markatu zuen. Gaur egun, oraindik ere, zinemako, kulturako eta goi mailako gizarteko jende ospetsua hartzen du berean, bereziki Donostiako Zinemaldiaren egunetan.
Datu bitxia: Hotelaren fatxadan Gerra Zibileko balen inpaktuak ikus daitezke oraindik ere, hotelean eta hurbileko Victoria Eugenia Antzokian lubakitu ziren aurkako bandoen arteko tiroketa gertatu zenekoak.


Victoria Eugenia Antzokia
Maria Cristina hoteletik oso hurbil, Victoria Eugenia Antzokia ere nabarmentzen da. Antzokia ere 1912an inauguratu zuten, eta kutsu errenazentistako fatxadak eta barruko xehetasun finek paregabe bihurtzen dute. Gaur egun, hiriko agertoki kultural nagusietako bat da.
Datu bitxia: Hemen egin zuten Donostiako Zinemaldiaren lehen edizioa, 1953an.



Miramar jauregia
Miramar jauregia 1893an eraiki zuten, Maria Kristina erreginaren enkarguz, lursaila erosi baitzuen Donostian udako egoitza bat eraikitzeko. Kontxaren eta Ondarretaren artean zuen kokapen pribilegiatuagatik aukeratu zuten. Gaur egun, eraikina hezkuntza- eta kultura-xedeetarako erabiltzen da.
Datu bitxia: Jauregia eta ondoko lorategiak eraikitzeko, harriz harri mugitu behar izan zuten San Sebastian Martiriaren eliza, zeina bere jatorrizko tokitik metro gutxira baitago gaur egun.


Donostiako Udaletxea
1887an inauguratu zuten eraikina Donostiako Kasino Handi gisa, eta Belle Époque garaiko ikur handienetako bat izan zen. 1924an jokoa debekatu zutenean, ospitale funtzioak izan zituen Gerra Zibilean, eta 1947an Udalaren egoitza bihurtu zen. Gaur egun, oraindik ere, hiriko eraikinik enblematikoenetako bat da, haren arkitekturagatik eta kokapenagatik.
Datu bitxia: 1893an, pistolazko duelu bat egin zuten hemen bi zinegotzik, areto nagusian.



Hotel de Londres y de Inglaterra hotela
Jauregitxo gisa eraiki zuten 1865ean Hotel de Londres y de Inglaterra hotela, eta XX. mendearen hasieran bihurtu zen luxuzko hotel. Kontxa pasealekuan egonik, aristokrata, artista eta pertsona ospetsu ugari igaro dira handik XIX. mendetik. Oraindik ere, hiriko hotelik garrantzitsuenetako bat da, dituen bista ikusgarriengatik ospetsua.
Datu bitxia: 1916an, Mata Harik hotelean hartu zuen ostatu, eta horrek espioitzarekin lotutako zenbait kondaira sortu zituen Lehen Mundu Gerra betean. Gaur egun, hura egon zen suiteak haren izena dauka, eta haren objektu pertsonal batzuk aurki daitezke han.



Donostiako Errege Klub Nautikoa
Belazaleen talde batek sortu zuen Errege Klub Nautikoa 1896an, eta gaur egungo egoitza 1929an eraiki zuten. Atrakatutako itsasontzi baten forma duen erakin hau arrazionalismo arkitektonikoaren harribitxi bat da. Interes Kulturaleko Ondasun izendatu dute eta Monumentu kategoria du.
Datu bitxia: Kontxako badian uda guztietan ikusten diren gabarroiak Klub Nautikoaren ideia izan ziren jatorrian. Aisialdirako lehen plataforma flotatzailea 1896an jarri zuten.


Maria Kristina zubia
Maria Kristina zubiak bereizgarri ditu 18 metroko bere lau obeliskoak, bakea eta aurrerapena sinbolizatzen duten zenbait eskultura mitologikoz koroatuak. Parisko Alejandro III.aren zubian daude inspiratuta, eta agerian jartzen dute Frantziak Belle Époque garaian Donostian izan zuen eragina. Dekorazioa osatzeko, itsas motiboak eta irudi alegorikoak dituzten barandak eta kale-argiak daude zubian. Hiriak XX. mendearen hasieran izandako gailur arkitektonikoaren benetako ikurra da.
Datu bitxia: Denbora errekorrean eraiki zuten, 9 hilabetean. Zubia 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, San Sebastian egunean, ospakizun handi batekin.



La Perla
La Perla 1868an zabaldu zuten, “Baños del Príncipe Alfonso” izenaz. Zurez egindako lehen bainuetxe hura gaur egungo toki berean zegoen, Kontxa hondartzaren erdi-erdian. Isabel II.a erori ondoren, “Baños de La Perla del Océano” izena eman zioten. XX. mendearen hasieran, Europako hidroterapia gunerik modernoenetako bat bilakatu zen, Donostiako luxuzko turismoaren gorakadarekin oso lotuta. Oraindik ere erreferente handia da, talasoterapiako hiriko gune ezagunenetako bat delako.
Datu bitxia: 1960ko hamarkadan, La Perla dantzalekua izan zen, eta izen handiko hainbat orkestra eta artista ospetsu izan ziren han; hala, hiriko lokalik animatuenetako bat bihurtu zen.

